FUNK MUSIKA
ERRITMOAREN DARDARA
Funk. Askotan entzun dugun hitza da Funk (nahiz eta nola idazten den ikastea kostatu zaigun). Baina zer dago hitz honen atzean? Normalean musika estiloarekin erlazionatzen dugu, eta gehienetan, James Brown izeneko abeslariarekin. Itzaren esanahiari dagokionez, ingelesez, funk hitza, beldurra adierazten du; beldurgarria dena edo beldurtia dena. Musikari dagokionez berriz; XX. Mendeak eman duen musika dantzagarri eta hipnotikoenetakoa dela esango genuke.

New Orleanseko jazz banda. Iturria: The William Russell Jazz Collection en The Historic New Orleans Collection. www.hnoc.org
HISTORIO LABURRA
Funk musika, musika gehienak bezala, garapen baten ondorioa da. Musika, izaki bizien antzera, denborarekin, aldatzen eta garatzen doan zerbait da. Eskerrak. Musikak, denboran zehar ezagutzen dituen garapenei izena jarri eta estilo berria sortu dugu. Funk musika; soul, jazz eta rhythm & blues musiken garapenetik sortutako musika omen da, 60. hamarkdan sortutakoa. James Brown omen da Funk musikaren sortzailea; baina agian, hobe genuke, James Brown-ek, garapen horretan, ezinbesteko pausoa eman zuela esatea.

Funk musikaren aurrekariak, AEBetako New Orleans hirian bilatu behar ditugu. New Orleans, frantses kolonizatzaileek sortu zuten 1718. urtean. Frantsesek (espainiarrek, portugesek, ingelesek, holandesek eta hainbatek egin bezala) esku lan merkearen bila, Afrika mendebaldera joan eta afrikarrak, indarrez, esklabo bezala eraman zituzten Amerikara. New Orleansera eramandakoek ordea, berezitasuna zuten besteekiko. Normalean, afrikar esklaboek, debekatuta zuten afrikar kultura edo erlijiorik praktikatzea. Debekatua zuten euren hizkuntzan hitz egitea, euren ohiturak mantendu edo euren jainkoak gurtzea. New Orleanseko esklaboei ordea, danborrak jotzen uzten zieten.

Mendebaldeko afrikarren artean, ohitura errotua zen hiletetan danborrak jotzea. Pertsona bat hitzen denean askatasuna lortzen omen du eta askatasun hori ospatzeko, hiletak, musika alaiarekin laguntzen zituzten. Hilerrirako bidean izugarrizko festa antolatzen zuten eta festaren muina, danbor hotsa zen. Erritmo errepikakor, dantzagarri eta hipnotikoa. Denborarekin, danbor hotsak beste instrumentuekin lagunduko zituzten (haize sekzioko instrumentuak bereziki). Erritmoa, hipnosia eta dantza “basatia”. Horra hor, funk musikaren mamia.

JAMES BROWN
James Brownek odolean zeraman funk musikaren mamia. 1933an jaio zen Hego Karolinako Barn-Well herrixkako txabola batean. Amak abandonatu eta hasieran aita arduratu zen haurra hesitzeaz. Ondoren, izeba batek Georgiako Augusta herrian zuen taberna – putetxean eman zuen gaztaroa. Ikasketarik gabe, zapatak garbitzen, kotoia jasotzen eta autoetako piezak lapurtzen atera zituen lehen sosak. Lapurretagatik zortzi eta hamasei urte arteko kartzela zigorra ezarri zioten eta hiru urte eman zituen kartzelan. Boxeolaria edo beisboleko jokalari profesionala izan nahi zuen baina Bobby Byrd piano joleari esker musika munduan hasi zen.
Lehen pausoak gospel musikan eman zituen baina Little Richard-en aholkuei jarraiki rhythm & blues eta soula egiten hasi zen; The Famous Flames taldearen garaiak ziren. Berehala egin zen ezaguna beltz komunitatean baina ez zuen, zurien artean, Otis Redding, Ray Charles edo Aretha Franklinek zuten arrakasta lortzen. Basatiegia omen zen zurien belarrietarako. 60. hamarkada bukaeran ordea, beltz izatearen kontzientzia hartu zuten beltz afro-amerikarrek. Botere beltzaren (Black power) garaiak ziren, “beltza nahiz eta arro nago” leloaren garaiak. James Brown-ek paper garrantzitsua jokatu zuen maila musikalean.

Soularen gozotasuna alde batera utzi eta melodiaren gainetik, erritmoan oinarritu zen. Erritmoaren indarrak markatzen zuen kantua eta talde osoa, erritmo horren garapenean zentratzen zen. Musikalki kantu indartsuak ziren eta letren gaiak ere, “gogorrak”, garai haietarako. 60. hamarkada bukaera zen, “Esan ozenki, beltza nahiz eta arro nago” izeneko kanta grabatu zuen, beltz komunitatearen artean, lelo garrantzitsuan bilakatuko zena. Denborarekin, beltz komunitateak, azkenean, “berdintasuna” lortu zuten (paperean) eta amerikar “zintzo” bilakatu zen James Brown.

Drogen aurkako kanpaina ofizialetan ikur izateagatik saritua izan zen eta droga kontsumitzegatik kartzelara eraman zuten. Negozio gizon eta AEBen ikurraren defendatzaile sutsua. “Negozio munduko langilerik amorratuena” zela zioen. Urtean 300 kontzertu emateko gai zen eta taldekideak bere menpeko soldadu gisa tratatzen zituen. Diziplina militarra zuen. Musikalki, XX. Mendeko abeslari eta musikaririk garrantzitsuenetakoa izan zen. Gospel, soul eta rhythm and blues musiken garapenean izugarrizko pausoa eman zuen eta berak sortutako abesti eta erritmoek, iraultza suposatu zuten musika munduan. Orduz gero, gutxi dira, James Brownen musikagatik eragina sentitu ez duten musika zaletuak.
FUNKAREN IRAULTZA
Zerk egiten du desberdin funk musika? Zergatik lortu du horrelako eragina musika munduan. Funk musika, soul, gospel eta rhythm and blues musiken garapenetik dator eta afro-amerikar musika guztiak bezala, afrikar erritmoetan oinarrituta dago. Besteetan ez bezala, funk musikan, erritmoak du nagusitasuna. Ordura arte egiten ziren musiketan, orotar, melodiak zuen nagusitasuna. Funkean berriz, melodia bigarren maila batean geratzen da eta erritmoak hartzen du nagusitasuna.

Soul musikan adibidez, abeslariak ziren izarrak eta abeslari hauekin zihoazen musikariak, laguntzaileak ziren; ahotsari base musikala jartzen zioten besterik gabe. Funk musikan, talde lana indartzen da, talde osoa (melodiaren gainetik) erritmoa garatzea du helburu. James Brownek oso garbi zuen hau eta hori dela eta; garaiko musikari onenak izan zituen lagun (Maceo Parker, Pee Wee Ellis, Fred Wesley, Bootsy Collins, e.a.). Funk musika garatu aurretik, kantuak, oso iraupen laburra zuten (singlearen mugak eraginda neurri bateak). Teknologiak aurrera egin eta iraupen luzeagoko grabazioak ahalbideratu zituen eta funk musikariek etekin ederra atera zioten honi. Funk musikaren beste “ezaugarrietako” bat, kantuen iraupen luzea izan daiteke. Era honetan, musikariei, duten trebezi osoa garatzeko aukera ematen die eta erritmoaren errepikapenak eraginda, “trance” egoera bilatzen da (gutxi gora behera).

Funk musikaren beste “ezaugarria” kantuen indarra da (musika “basatia” dela diote askok). Barru barrutik sortzen da eta edertasuna bilatu baino, mugimendua, iraultza bilatzen omen du. 60. hamarkada erdian, giza eskubideen aldeko aldarria pil-pilean zegoen AEB-etan. Emakumeek ere paper garrantzitsua jokatu zuten aldaketa honetan. Ordura arte, abeslariaren “florero” gisa aritu baziren, orain protagonismo osoa aldarrikatzen dute. Abeslari nagusi bilakatzen dira eta maitasun kantuekin batera, beste gaiak jorratzen dituzten kantuak konposatzen dituzte (eurek konposatzen hasten dira ordura arte besteen kantuei ahotsa jarri besterik ez zutelako egiten). Erritmo indartsu, errepikakor eta azkarrak, abiadura handiko baxu zikinak (slaparen sorrera), gitarren rif zorrotzak eta garrasiaren pareko diren ahotsak. Musikaren indarra.
FUNKAREN ERAGINA
Ezin ukatu funk musika azken hamarkadetako musikarik eraginkorrenetakoa izan dela. Eragin zuzena izan du rap, breakbeat eta disco musiken sorreran eta zeharkako eragina izan du, ia beste guztietan (rockean bereziki).
Funk-Rap: Raparen sorreran ezinbesteko eragina izan zuen funk musikak. 80. hamarkada hasieran, lehenengo hip-hop festak antolatzen zituztenek, funk diskoen zati erritmikoak erabiltzen zituzten, abeslari eta festa animatzaileen base modura. Baita break dantzariak mugimenduan jartzeko ere. James Brown-en “Funky drummer” kantuan entzun daiteken bateria, ehunka aldiz sanpleatua izan da rap musikan (eta baita beste estiloetan ere).

Afrobeat: Funk musikaren sustraiak Afrikan aurki badaitezke ere, AEB-etako afro- amerikarrek sortutako estiloa da. Funk musikaren doinuak Afrikara iritsi (bueltatu) zirenean, hainbat musikari afrikarrak erritmo horrekin maitemindu eta berea egin zuten. Nigeriako Fela Kuti izan daiteke adibide garbiena baina asko dira Afrikan funk doinuak landu dituztenak.

Favela funk: Beti txunditu gaitu brasildarrek kanpotik iristen zaizkien erritmoak bereganatzeko duten trebezia. Askotan, sortzaileek baino hobeto egiten dutela ere iruditzen zaigu. Funk erritmoak bereak egin dituzte eta brasildar musikaren berezitasunak gehitu dizkiete. Egun, Brasilgo favela edo auzo txiroetan egiten den funka, musikalki ez du AEBetan egiten denarekin zer ikusi handirik, baina hau baino basati eta beldurgarriagoa da.

Blaxploitation: Herrialde desberdinetan izan ezik, funk musikaren eragina ere handia izan da zineman. 60. hamarkada amaieran, antzezle nagusiak afro amerikarrak zituzten filmak egiten hasi ziren, eta hauetako banda sonoroa, noski, funk musikarekin osatua zegoen. Filmak, teknikoki ez ziren oso finak izango baina musikalki izugarriak ziren.

Euskal funk: Euskal Herrian, mesfidati begiratu izan zaio beti, kanpotik etorritako edozein musika “arrotzari”. Rockak (kostata hasieran) bere lekua lortu du eta rockak utzitako zirrikituari esker, funk doinuek Euskal Herriko talde askotan eragina izan dute. Gutxi dira (gure gusturako) Euskal Herrian funk musika egiten duten taldeak baina , kopuru hori handitzen doa egunez egun. Horien artean: Ortophonk, Acido C, THC, Al, Jazzera, King Funk, Elephunkman, Old School Funky Family, Acid Gazz, Okabe, Marakooja, e.a.
Eta aipatu gabe geratu direnak.

KONTUTAN HARTZEKO HAINBAT DISKO

1- James Brown “Startime”
Funk musikaren ezinbesteko izena. James Brownen edozein disko gomendatuko genuke baina, bere ibilbidearen kantu esanguratsuenak bilatzen dituenarentzat, disko bilduma aproposa da hau (4 cd´s osatua). Eta bere kantu ezagunekin aspertu denarentzat, “Hell” diskoa gomendatuko genuke (beste askoren artean).

2- Askoren Artean “ New Orleans Funk”
James Brown da funk musikaren aita -aitona dagoeneko-.Baina James Brown-Mr. Dynamite, Soul Brother No.1, The Godfather of Soul, The Hardest Working Man In Show Business...- berak ere ama bat izan zuen eta New Orleans izena zuen. Amaren bularretatik edan zuen James Brown-ek funk musikaren esnea -azukre findurik gabea- eta esne horren osagaiak aurki daitezke bilduma honetan. Handia eta indartsua egin zaitezen.

3- Askoren Artean “Bollywood Funk “
Funk musikaren “ortodoxoek” ez dute gustuko izango agian zapore eta kolore desberdinetako doinuak biltzen bait ditu.. India da, munduan film gehien ekoizten dituen herrialdea, eta film horietako soinu bandak izugarrizko garrantzia izan ohi du. Mendebaldetik iristen zaizkien doinuen eragina nabaria da, eta horien artean, funk musikak, bere lekutxoa lortu du. Bitxikeri modura.

4- Askoren Artean “The Shrine. Afrobeat”
Funk musika etxera bueltan. Afrikar abeslari eta musikariek egindako funk doinuekin egindako bilduma asko daude eta gehienak oso txukunak dira. Funk afrikarra, afrobeat izenaz ezaguna, 70. hamarkadan izan zuen urrezko aroa. Bilduma honetan ordea, garai desberdinetan egin den afro funkaren adibideak aurki ditzakegu.
5- Askoren artean “Studio One Funk”
Jamaikarrak funk doinuak erakarrita. Jakina da reggae musikaren sorreran funtsezko garrantzia izan zuela AEBetako rhythm and bluesak. Irrati bidez eta lehenengo sound systemetan entzuten zituzten erritmo horiek bertsionatuta sortu zuten jamaikarrek ska musika. Eta honen garapenetik sortu zen reggaea. Bilduma honetan, funk klasikoen bertsioak eta jamaikarrek sortutako funk erritmoak entzuteko aukera dugu, guztiak Studio One diskoetxean, 70. hamarkadan grabatuak.

6- Askoren Artean “Legendary Deep Funk vol.02”
Funk doinu ilun eta koipetsuenak bilatzen dituenarentzat bilduma aproposa. Keb Darge disko jartzaile maixuaren aukeraketa da eta ohi duenez, batere ezagunak izan ez arren, trebezia handia duten talde eta abeslariekin osatuta dago. Rock musikaren zaletuan funk munduan barneratzeko bide erakargarria.
Klasikoen artean:
Sly and the Family Stone, Bootsy Collins, George Clinton (Parliament, Funkadelic), Maceo Parker, e.a. Arakatzeko eta ezagutzeko mundu “beldurgarria”.
ARITZ SOUND SYSTEM





